Patxi Juaristi Azkue Azpeitia Zero Zaborreko kidearen iritzi artikulua
Harriduraz jaso dut azken egunotan Bilduk atez-atekoaren alde eginiko adierazpenaren ondotik sorturiko zalaparta; ez eman duen zeresanagaitik baizik eta egin diren adierazpenengaitik.
“Arazoaren ondorioetan kokatu da eztabaida eta ez oinarrietan”
Zuhaitza enborretik heldu partez adar eta kimuetan nahasturiko eztabaida bultzatu dela deritzot, ustezko datu eta eragin ezkorrak goraipatuz eta mamira jo gabe. Aldaketa garaia iritxi zaigula ezin dugu ukatu, egun egiten dugun zaborraren gestioa kolapsora iritsi baita. Arazoaren ondorioetan kokatu da eztabaida eta ez oinarrietan.
Gure gizarte kontsumistan lehengai piloa erabiltzen dugu, eta lehengai hauek ez dira bakarrik sortzen, munduko bazter ezberdinak ustiatuz lortzen dira (egurra, petrolioa, metalak…)
Lehengai hauek abiapuntutzat hartuta produktu ezberdinak ekoiztu eta kontsumitu ondoren zabortegietan pilatzen ditugu, berriro ere lehengai berriak hartu eta produktu berriak ekoizteko. Honela, sistema lineal baten murgildurik egon gara gaur arte, zabortegiek gainezka egin diguten arte.
Zentzu horretan argi izan behar dugu zabortegiak ez direla arazoa, neurri gabeko materialen erabileraren eta inolako baliorik gabeko material gisa botatzearen ondorio baizik. Urteetan izan dugun jokabidearen eraginez ondorio hauek arazo larri bihurtu zaizkigu. Baina arazoaren mamia neurri gabeko materialen erabilera lineala da, hau da produzitu, kontsumitu eta botatzea.
“Guk herritar eta kontsumitzaile gisa kontu honetan dugun arduraz eta erantzunkizunaz jabetu behar dugu; sortzen ditugun hondakinen gestio egoki bat egitea dagokigu”
Honela, arazoa zabortegietan bakarrik kokatu eta zaborra zuzenean erretzea zentzugabekeria ikaragarria dela deritzot. Modu berean, ezin dugu eztabaida zabortegien etorkizunera mugatu.
Ezin dugu beti material berrietara jo jadanik ditugunak berrerabiltzeko pausu garbiak eman gabe. Aldaketa alderdi desberdinetan eman behar dela deritzot, hala nola produzitzeko moduan (material erabileraren optimizazioa bilatuz…), legedian (produktu berrerabilgarriak hobetsiz)…
Aldaketa hauen funtsak honakoa izan behar du: batetik ahal den hondakin gutxien sortzeko pausuak eman; murriztu ezin dena berrerabilgarria izatea ahalbideratu; berrerabili ezin dena birziklatu; aurreko pausu hauek optimizatu ahal den errefus gutxien sortzeko (berrerabili edo birziklatu ezin dena).
Guk herritar eta kontsumitzaile gisa kontu honetan dugun arduraz eta erantzunkizunaz jabetu behar dugu; sortzen ditugun hondakinen gestio egoki bat egitea dagokigu, behar ez ditugun materialak egoki sailkatuz, honela hauek berrerabili edo berziklatzeko aukera sortzen baitugu. Modu honetan lehengaiak behin erabili eta kaleratu ordez berriro produkziora itzultzeko mekanismo egokiak sortu behar ditugu.
“Ezin dugu egungo hondakinen gestioarekin jarraitu borondate hutsez aldaketa gauzatuko dela pentsatuz eta norabide aldaketa baten beharra dugula ukaezina da”
Aurretik aipatu dudan bezala murrizteko eta berrerabiltzeko pausu sendoak beharrezkoak diren modura berziklatzeko ere pausu garbi bat eman beharra dugu. Egun Azpeitian dugun bilketa sisteman %30 gainditzen ez duen birziklatze tasa dugu. Kontuan izanik etxean sortzen ditugun hondakinen %90 berrerabilgarria edo berziklagarria dela lortzen duguna ezin dugu onargarritzat jo.
Bestetik elkarbizitzako alor desberdinetan gertatzen den bezala, zibismoz egoki jokatzen ez dugunean, neurriak hartu izan dira aldaketa bat behartzeko; adibide garbi bat alkoholaren eraginez sortzen ziren auto istripuena dugu. Kontzientziazio kanpainen eraginkortasun mugatua ikusirik neurriak gogortu ziren duela urte gutxi, gizartean inposizio sentimendua nagusitu gabe.
Bide beretik herritarrok ezin dugu egungo hondakinen gestioarekin jarraitu borondate hutsez aldaketa gauzatuko dela pentsatuz eta norabide aldaketa baten beharra dugula ukaezina da.
Honela eztabaidak bilketa selektibo egoki bat nola egitean kokatu beharko lukeela uste dut eta ez aldaketa beharrekoa den eztabaidatzen. Bestetik berrerabili edo berziklatu ezin denari (errefusa) eman behar zaion irtenbidearen inguruan eztabaidatu beharko dugula iruditzen zait.
“Aldaketak guztion ongizatea du helburu eta guztion parteartzea ezinbestekoa da garatzear dagoen sistema herritarron beharretara egokitu dadin”
Bilketa selektiboari dagokionez, momentuz aurkeztu den aukera atez-atekoa izan da, ezkorrenen ahotan %70eko sailkatze maila emanaz (baikorrenen ustetan %80tik gora). Honek egungo egoeran aldaketa sakona eragingo luke, materialen zentzuzko sailkapena ahalbideratuz. Planteamendu honi kritika ugari egin zaizkion arren inork ez du aurkeztu antzeko emaitzak eskeiniko dituen sistema alternatiborik.
Ulertzekoa da aldaketa bat planteatzean beldur eta mesfidantza sentimenduak sortzea, baina kontutan izan behar dugu guk sortzen dugun arazoaren konponbidea ezin dugula besteen eskutan utzi eta borondate hutsez etorriko den aldaketaren zain egon.
Aldaketak guztion ongizatea du helburu eta guztion parteartzea ezinbestekoa da garatzear dagoen sistema herritarron beharretara egokitu dadin. Beraz guztion ardura da prozesu garden eta parteartzaile bat bultzatzea.
Gai honek denongan du eragina eta eztabaida hau ahal dugun herritar gehienei zabaltzea beharrezkoa dela uste dut, informazio zuzena jasoz eta ustezko iritzietan oinarritu gabe, hau baita iritzi propio bat garatzeko eta arazo eta konponbideez jabetzeko modurik onena!





Egun hauetan “Motibazioa” Pello Elorza (Azpeitiko EAJren izenean) egindako iritzi artikuluak sortu duen erantzun sortaren tartean, tonu lasaiko erantzun bat bota izan dut faltan. Neuek ere izan dut buruan zerbait egiteko tentazioa baina nik pentsatzen dudana nik baino askoz hobeto idatzi du Patxi Juaristik eta uste dut gauzari behar duen planteamendua eman diola, sakonera joa duela, adarretako eztabaidetan galdu beharrean. Zorionak.